XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gernikako Estatutuaren paktu izaera nabarmendu du Ardanzak Mexicon

Bidaiaren helburuak uste baino neurri handiagoan bete direla esan zuen EAEko lehendakariak

Jose Antonio Ardanzak Gernikako Autonomi Estatutuaren paktu izaera nabarmendu zuen atzo Matias Romero Diplomazia Eskolan Euskal Autonomiaren berezitasunak titulupean eman zuen hitzaldian.

Mexicoko bidaiaren helburuak uste baino neurri handiagoan bete direla esan zuen gero prentsaurrekoan.

Mexicoko Kanpo Arazoetako ministroaren, Rosenthal enbaxadorearen eta Galeano eskolako zuzendariaren aurrean, Jose Antonio Ardanzak euskal instituzionalizazio politiko-juridikoaren bilakaera azaldu zuen, eta bide batez ere hurbileko etorkizunari buruzko zenbait hipotesi zirriborratu zituen.

Euskal Autonomi Elkartearen Estatutuaren berezitasunen berri ematean bere paktu izaera nabarmendu zuen Ardanza lehendakariak ikuspegi politiko, edo hobeto, politiko-juridiko batetik Estatutuak euskal herritarren arteko akordioa du bere baitan, Euskadiren autogobernuaren edukinari buruzkoa, adierazi zuen Jose Antonio Ardanzak.

Etorkizunak ekar dezakeenari heldu zionean, beste hitzarmen baten garrantzia azpimarratu zuen, Ajuria Eneako Hitzarmenarena, alegia.

Duela lau urte Ajuria Enean izenpetutako akordioak Estatuko aginte publiko, Autonomi Elkarte eta gizarteari Euskal Herriko integrazio politiko eta sozialekiko konpromezua eskaintzen die, helburu guzti horien lorpena Estatutuaren garapen osoaren menpe egonik azaldu zuen.

Euskal Autonomi Elkartearen autogobernuaren jatorri historikoa Matias Romero Diplomazia Eskolako entzulegoari azaltzerakoan, euskal lurralde guztientzako aginte bateratua ez dela egon argitu zuen Ardanza lehendakariak.

Hala ere, bere esanetan, horrek ez du esan nahi berezko eredu instituzional bati buruz hitzegitea zilegi ez denik.

Are gehiago, aro modernoaren hasieran agintegune ezberdinak izan arren, euskal botere politikoaz hitzegin daiteke, Ardantzak ziurtatu duenez.

Erakundetze forma berezi batzuk garatzeko ezintasunak euskal lurralde guztientzako erakundetze instituzional bakar baten ideia ideologiko-politikoa sortu zuen eta mende honen hasieran olatu autonomistak agertu ziren.

1936ko Estatutuaren esperientzia Francoren altxamenduak eta gerra zibilak zapuzteak ere ondorio osatzailea eta kontzientziatzailea izan zuen.

Tarte luze baten ondoren, frankismoa azkenetan zegoenean, autogobernuaren aldarrikapenak indarra hartu du, ez bakarrik alderdi nazionalistetan, baita beste alderdi demokratikoetan ere.

Orduan ETA agertu zen, sektore erradikal eta amorekaitzen indar armatu gisa.

Estatu espainolarekiko gatazkaren larritasuna areagotu egin zelarik, eta batez ere, azkenetan zegoen erregimen frankistarekin.

JARRITAKO HELBURUAK BETETA.

Jose Antonio Ardanza eta enpresarien ordezkaritzaren bidaiaren lau helburu nagusiak nik uste nuen baino neurri handiagoan bete dira, EAEko lehendakariak atzo Mexicoko hiriburuan eskaini zuen prentsaurrekoan azaldu zuenez.

Aipatutako lau helburu horiek, Euskal Autonomi Elkartearen errealitatea azaltzea, Mexicoko mundu enpresarialarekin harremanak izatea, goi-mailako instantzia politikoekin harremanak izatea eta Mexicon dagoen euskal kolektibitatearekin loturak estutzea izan dira.

Balantzea egitean, Mexicoko agintarien harrera harrigarria eta zoragarria nabarmendu zuen.

Dena dela euskal komunitatearekin programatuta dauzkan harreman eta ekitaldi nagusiak bidaiaren azken egunetan izango dira.

Alde batetik, gaur, larunbatean, Mexico D.F.ko Euskal Jai Alai euskal ordezkaritzaren omenez izango den zesta partidu bat jokatuko da, euskal folkloreaz beteta izango den ekitaldi batean.

Azkenik, igandean, Mexicoko Euskal Etxean bertako euskal komunitatearekin ekitaldi bat izango da.

Ekitaldi horretara euskaldun guztiak daude gonbidatuta, eta horretarako bertako prentsan zenbait iragarki jarri ditu Eusko Jaurlaritzak.

KAZETATI MEXICARREN KEZKAK. Hiru kezka nagusi planteatu zizkioten Jose Antonio Ardanzari bidaiaren behin-behineko balantzea egiteko prentsaurrekora hurbildu ziren kazetari mexicarrek.

Batetik, egun hauetan negoziorik egin diren, beste batetik, Jose Ramon Garcia sindikalista mexicarraren desagerpenari buruz egindako gestioak eta Europaren bateratze prozesuaren barruan Euskal Herriaren etorkizuna.

Ez dago misteriorik erantzunetan.

Garciaren kasuari buruz Jorge Carpizo Mexicoko Giza Eskubideen Batzordeko presidentearekin izandako bileraren zehaztasunik ez zien eman nahi izan kazetari mexicarrei, barne arazo bat izanik eta Mexicon gonbidatuta egonik bidezkoa iruditzen ez zitzaiolako.

Europaren bateratze prozesuari buruz, oinarri demokratiko sendoetan finkatzen ari dela esan zuen.

Bigarrenik, erregioen arteko desberdintasunak gainditzen duen elkartasuna aipatu zuen eta hirugarrenik, benetako Europa herria, erregioetan eraikiko dela ziurtatu zuen, hauek bait dira instantziarik eraginkorrenak.

EAEtik Mexicora etorritako kazetari taldeko partaide batek kanpo harremanetarako konpetentziarik eza dela medio ea lan egiteko posibilitate gutxiagorekin sentintu den galdetu zioenean, Ardanza lehendakariak zelaiari mugarik ezin zaio jarri esaldi ezaguna esan ondoren honen prestakuntzan eta burutzean aurkitu dituen diplomatikoen profesionaltasuna goraipatu zuen.